Egia da —ez dakit nork idazten zuen hori—, agorrila hurbiltzean, suertea dugula guk, ipar hemisferioko mundu laurdenetik Iratira edo Malibura opor bila goazela, gerlak, erailketak, zoritxar kolektiboak ahantzi ahal izateko. Rosaliak abesten dituen erlikia akituak bilakatzen gara. Abiadura handiko tren batetik jauzi egiteko sentsazio aztoragarria daukagu. Egunkaririk ez dugu irekiko, baina eklipsea miretsiko dugu, bai eta Santa Graziko elizako zutabeek kontatzen digutena xeheki entzungo ere.
Urtean zehar, irakurle, elkarrekin egiten dugu bide. Han eta hemen gurutzatzen gara gainera, hain maite dugun eta batzuetan min egiten digun Euskal Herriko xendretan, iritziak de visu trukatzeko, «on eta txar nahaste» lerrake kanta zaharrak. Gustatzen zaigu alabaina, —ez dugu ukatuko—, zutabe labur hauen hariaz, egunez egun, ehuntzen dugun irakurle-idazle harreman immaterial eta intimo hau.
Ez adiorik beraz, atsedena hartu eta talaia honetan bertan aurkitzen gara datorren irailaren lehenetik aitzina, abentura birari berrietarako prest: bakantza on!