Bira

Ahantz

Itxaro Borda
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Bi eguneko oinezkaldian, Benafarroan zehar, Tokai eta Tobruck ahantzi ditut arras. Lanean hastera doan Ko-Lanta saila halaber. Erriberritik Garaziraino halatan airea hartu dut bazter ederrak miretsiz nahiz eta eskualde ezagunean ibili naizen. Batzuetan mp3 irakurgailua belarrian naraman. Donapaleura heltzean adibidez John Trudell amerindianoaren now you want us to cry your tears for you kanta polifonikoa aditzen nuen. Alabaina orduan ez nezakeen inorentzat negar izpirik isuri.

Gustatu zait herri hustuen isiltasuna, plaza abandonatuak haizeak erraztatzen zituela. Eta bideak. Bideak etengabe. Neronen mututasunerako gaitasunak espantatu nau, lurralde honen antzekoa naizela segurtatu didalako. Xendra arrantzasua naiz ni ere. Ibaiak trabesatzeko harrizko txakostea edo oraino Zoihartze baselizaren maldan sagar bat klikatzen duen izaki anonimoa. Garruze. Izura. Gamarte. Mundua ezberdin dakusagu urratsaren abiaduran. Balio duen bakarra menturaz. Mendeak mendetegi edonora hurbildu nindaikeen horrela.

Garazitik Baionara itzultzeko beti hersteaz mahatxatzen duten trena hartu dut. Lehen aldia zen. Tunelak tunelen ondotik. Geiger kontagailuaren pare jotzen duen ene bihotzean bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.