Suertea dute munduko arduradun politikoek, herritarren ahanztura ahalmen handiaren gainean konta dezaketelako beren proiektu likitsak behin eta berriz, inpunitate osoan, eramateko. Historiako tragediak komedia eta burla artean bukatzen dira eta, aldi oroz, belaunaldi bakoitzari zerotik arra-hastea dagokio. Herritarren memoria eskasa eta gobernatzen gaituztenen immobilismoa… uste dut karakoila eta barea ez direla hobekiago konpontzen.
Uda honetan planetak jasan duen beroteak jendeen neuronak inarrosi eta kiskali ditu. Askok, ondorioz, ekintza ekologiko zuzenaren bidea hartu dute, besteek klimatizatzaileak ezarriko dituzte eskuin muturreko politikarien aholkuen segidan, eta azkenek guzia ezabatuko dute kasko zokoetatik, sufritu arren, ez delako aipatzea merezi duen deus gertatu.
Antsia elikatzen du ezintasun antolatu horrek eta behialako igelaren pare gabiltza: ur gero eta beroagoari ohitura hartzen diogu, eta hondarrean, ez gara ohartzen ere likido irakina botatzen digutelarik... eta orduan, ai ene eta ai amaka erretzen goaz, oharkabean, plazera hartuz gainera!