Aspaldikoa da Emazteen Nazioarteko Egunaren tradizioa. 1909an antolatu zen aurreneko edizioa Estatu Batuetan, eta Clara Zetkinen proposamenari men eginez Kopenhagen, eguna egonkortzea eta urte oroz errepikatzea erabaki zuten, nahiz eta luzaz sobietar blokeko herrietan baizik ez zen ospatzen. 1972an Simone de Beauvoir bertan zegoela, Belgikan iragarri zen Europako lehen emakume langileen eguna, hasierako aldarrikapen zenbait oraino ere indarrean daudela: bozkatzeko dretxoa, lanerako eskubidea eta soldata mailako diskriminazioen bukaera. Gaurkoan, munduan barna, emazteen eguna goraipatuko da, adjektibo gehigarririk gabe.
Berriak irakurtzen ditugunean, alta, badirudi emazteek urtean egun bakarra dutela ahizpatasunaz gozatzeko, eta gainerakoak bazterketaren, biolentziaren, gutxiestearen orduak direla. Zaila da, antza, ezinezkoa ez baldin bada, herrialde ustez garatuotan ere, emazte zaurgarriaren hitzari sinesgarritasun zerbait ematea. Arren, martxoaren 8 honetan bederen, urrundu dezagun maskulinismo inplizituz kutsatu diskurtsoen itzala!