Itxaro Borda

Ainarak bezala

2026ko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo ene lehen zutabean txoriak zerrendatu nituen mundu guziari txorionak opatzeko. Ez dakit acte manqué soila zen ala ez, baina lista hartan nire txoririk maiteena sartzea ahantzi nuen. Barka ezina naiz, etxean bertan Ainara bat ukanki! Eta nola gaurkoan, Seaskako egutegian Ainara izenekoen eguna den, orduko hutsa betetzera nator: besta on habiak ezkaratz tepuetako sunberren artean eraikitzen dituzuen Ainara andanei, udaberri argitsu eta epel honetaz goza ezazue!

Haur ginenean, txorien dantzak ikusiz, bagenekien noiz, nola eta non geunden. Bereziki ainarak, enarak, iñarak edota elaiak agertzen zirenean, beren papo zuri-beltz eta piupiu airosekin neguaren bukaera seinalatuz, lasaiago genbiltzala aitor dut. Biharamuneko aroa ere iragartzen zuten, estimu handitan dauzkagun Andoni Aizpuruk edo Xabier Casadok bezain segurki. Eguzkia edo euria hitzematen ziguten, hodeiei hurbil edo lur arrasean hegal egiten zutenaren arabera. Besarka ditzagun beraz inguruan ditugun Ainara horiek oro, hegalka bakoitzean, lur honen azalean errotzen lagundu eta laguntzen gaituztelako!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA