Erromako pontifex maximoa hautatzen den egun hauetan, ongi da gogoratzea aita sainduen historia ez dela beti ibai lasaia suertatu: papa bikoitzak, antipapak eta andrepapak aurkitzen dira zerrendak osatzen direnean. IX. mendean, adibidez, Hesse eskualdeko Mainzen sortu Jeanne famatuak bere burua gizon jakintsutzat pasarazi eta aita sainduaren jargia okupatu zuen hogeita bost hilabetez. Iruzurra ezagutzera eman zen Besta Berriko prozesio batean, karrika betean erditu zelako! Ez da argitu oraino historia hau egia ala legenda den. 1353an, haatik, Jeanneren kontakizuna erabili zuen lehen laikoa izan zen Boccaccio handia.
Emazteen lekua elizetan mugatua da. Bistan dena, Goenkaleko ama Paresiren trakako serora nagusi, gelari eta apezen laguntzaile gisako tokia badu, adin kanonikora heltzen den ber. Gaur egun, batzuek goraki erreibindikatu arren, emakumeek ez dute apezgorako zirrikiturik irekitzea lortzen. Elizak ez du Jeanneren jukutria errepikatzerik nahi eta ate astunak oro blindatu ditu. Ea Donald Trumpen aita saindu bihurtzeko fantasma hastantzea erreusitzen duten...