Bira

Antigonak

Itxaro Borda.
2011ko martxoaren 02a
00:00
Entzun
Pantailak bete dizkigute. Tuniziar, egiptoar eta libiar emazteek. Gizonekin batera karrikara ateratzen dira. Aurpegiak agerian edo belaz jantzirik. Sarean badabiltza gainera argazkiak bata bestearen ondotik, estekak haustearen dantza izugarrian. Kreon zahar biderkatuen lege odoltsu debekuz hantuak gaitzesten dituzten Antigona ugariak. Aita hieratikoen manuei ezezkoa luzatzen etengabe.

Ipar hemisferoko emakumeak ez bezala, goraki mintzo dira, hatsa bahiturik, eta batzuetan histerikoak ere ematen dutela diote bakarrek. Feministak dira nahiz eta feminitatea ukatzen zaien. Hemengoak aldiz, ohartuko zaretenez, gehien bat femininoak dira, feminismoaren aldarriak ahalgekorki baztertzen dituztela. Mundua aldrebes doakigu. Barregarria liteke egoera hain latza ez balitz.

Mare Nostrum urdinaren ezpondetan gertatzen denak Grezia zaharraren epikotasunera garamatza. Zenbat Penelopa, zenbat Fedra, zenbat Elektra, zenbat Medea ez dabila gaurkoan botere itsuei oldartzen? Olde beltzen erdian, begietan beldurra irakurtzen diegu, bai eta esperantza. Bururaino joango direlako segurtamena halaber. Kopeta apaltzeko, plazerik gabe gezurretan irauteko eta norberaren haurrakurkatzeko garaia bukatu zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.