Itxaro Borda

Aseak gara

2026ko otsailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabetea orain, eurite etengabe batek itotzen gaituela. Uholdeak, haizete gogorrak, ibai hantuak, zuhaitzak bideetan trebes, luiziak eta litania luze bateko gaitzak sufritzen ari gara! Trabak denetan eta telefonoetan alarma mezuak: zaude etxean, leihoak itxi, autorik ez erabil… bat batean, eguraldiagatik gure libertate sentimendu sakratuari mugak jartzen dizkio botere publikoaren ahots anonimoak. Aro txarrak jendeen morala suntsitzen du, ez du irri egiteko gogorik, preso dago eta hori, han-hemen aditzen denez, ekologista puta horiengatik. Errudunak aise aurkitzen ditugu bederen.

Zortzi aste, gutxienez, ez dela eguzkirik ikusi. Ostatuek eta itsas ertzetako jatetxeek dirua galtzen dute. San Balendin gaua desastre bat izan da. Dolamena da nagusi eta hodeiak madarikatzen gabiltza: «ez al dakusak geruza freatikoak mukuru beteak direla, aseak gaituk, habil hoa desertüala, oi bena berehala!» Kantu zaharrak ez du balio egoera berri honetarako. Eta gure boomer belaunaldian, nehor ez da aldaketa klimatikoaren arduradun sentitzen. Galdera eta zalantza mikorik ere ez!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA