Gizon eta emazteen harremanetan ñabardura bat sentitzen da hondar urteotan. Emakume heterosexualak aspertzen hasi dira, Adrienne Rich handiak definitu zuen derrigorrezko heterosexualitatearen (compulsory heterosexuality) eredu normatiboekin borrokatzen. Badirudi mendeetan bermatu den emazteak gizonak desiratzera sozialki determinatuak diren ideiak ez duela hainbesteko tirarik gaurko egunean. Askoren iritziz, larru jotze heterosexualak errepikakorrak dira, aitzinetik idatziak eta erakargarritasun txikikoak. Aski dela diote.
Emazte gazte horiek, orduan, beren baitan errotzen dela uste duten emakumeenganako desira pizten uzten dute. Alice Coffin, Monique Wittig edo Christine Delphy pentsalarien liburuak arakatzeari plantatzen dira, sareko app batean aurkituko duten maitalearekin oheratu aitzin. Denboraren buruan, gauza bat ikasten dute haatik: lesbianen bidea ez dela beti erraza eta lesbiana izatearen funtsak ez daramala bakarrik hetero arauaren kontra altxatzera edo maniobra estrategiko soiletan galtzera.