Itxaro Borda

Aturri hegitik

2025eko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aste osoa pasatu dut kronika labur hauetan mundua larrutzen diguten ogroen izenik aipatu gabe. Zaila dela daitort, egunkarien lehen hostoak eta telebista pantailak beraien mutur urguilutsuz emokatzen direlako. Gure garunak setiatzea eta gatibatzea daukate helburu: Gaza gosetu dute, Ameriketako Estatu Batuak gainerako herriak muga-zergez larderiatzen dabiltza eta Europak ez daki zein oinetan dantzatu boterearen biribilketa eroa. Hedatzen duten izuarekin, gu ere oraindik jendeak garela ahantzaraztea lortzen dute, eta bizi-sosegua bilatzen dugu hiper-kontsumoaren tenpluetan.

Aturri ezpondetan, aldiz, iruditzen zait errealitate propioa dudala gurutzatzen. Bertan, San Izpirituko adineko biztanle arruntak eta afrikar gazteak nahasten dira, haurrekiko familiak, halako eztitasun zurrunbilo batean elkarri dread delakoak txirikordatzen, Bob Marley edo Tiken Jah Fakoli entzunez. Biolentzia aierurik ez dut nabaritzen, baina hor dago, zurrun, elkor, ibaiaren ertzeko kide bakoitzaren baitan, jasana edo norberak jasanarazia. Irentsiko gaituela badakigu, baina une batez bederen, Aturri hegi honetan, planeta hau baketsu itxuratzen ahal dugu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.