Iragan astean edo, frantses armadako Mandon jeneralak, eta haren ondotik Macron presidenteak berak, erran zuen «behar zela prest izan haurrak galtzeko» etorkizuneko balizko Errusiarekiko konflikto batean. Gerla solasetan dabiltza agintariak, nahiz eta ez duela Europa erasoko berresten ari den Putin bere Kremlineko gotorlekutik. Eztabaida mediatikoa piztu da, politikariak mintzatu dira, aurka, alde, kazetarien komentarioek ideia mailukatzen dute, eta horrela apailatzen dira masak, kantari orroaz, fronteetara akuilatzeko. Hamalauko gerla aipagai dugu askotan Euskal Herrian, orduko soldaduak infantilizatzen ditugula, baina gaur egun antzeko mobilizazio zerbait gertatzen balitz, obligazio eta adhesio artean, joan behar dutenak joango litezke, bakoitza bere drona besapean aldi honetan.
Haurrak eta arrahaurrak gerlan galtzeko prest egon beharko genuke, eiki, baina jeneralak menturaz, klase herrikoi eta apaletako haurrengan pentsatzen du, beti errazagoa baita besteen haurrak sakrifiziora deitzea... bistan dena!