Hiritar petoa izateko baino landatarragoa naiz: metroan, esaterako, trenaren (eta gainontzeko bidaiarien) kontrako noranzkoan eserita amaitzen dut beti, eta inoiz ez dut jakiten noiz altxatu (beranduegi ez bada, arinegi ibiltzen naiz...). Ordea, landatar petoa izateko baino hiritarragoa ere bainaizenez, liluratuta egoten naiz lantzean baserri-buelta batean ikusten ditudanekin: bainerekin obsesionatuta nabil aspaldion, zelaietako bainerekin. Sasoi batean gure auzoko baserritarrak zera baino irudimentsuagoak zirela pentsatzen nuen, eta euretarikoren bat, bere eskuila eta txano, zelaian bainatzen noiz harrapatuko egoten nintzen. Gerora jakin nuen, baserritarrentzat barik, animalientzat zirela bainera haiek, eta hantxe imajinatzen nituen ardiak, behiak, zaldiak posturarik hartu ezinik.
Egia esanda, beti egin gura izan dut neuk ere, ardo kopa bat eskuan, bainu burbuilatsuak hartzen dituzten aktoreena (nahiz ardoa gustatu ez eta ur berotan luzaroan egonez gero zorabiatuko nintzatekeela jakin). «Dutxa ja eta agur bainuontzia»-koei deitzea ere pasatu izan zait burutik, zortzi minutuan kendutako bainera horietako bat etxera ekarri eta egongelan jar diezadaten (komunean ez litzaidake kabituko-eta). Kuxinez beteko nuke, eta nire gonbidatuek katu erraldoi batekin bizi naizela pentsatuko lukete igual. Hori edo burutik eginda nagoela.

BIRA
Bainera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu