Itxaro Borda

Baloi-hezurrak

2026ko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herenegun hasi da munduko futbol txapelketa, aldi honetan ipar Ameriketan, Kanadak, Mexikok eta AEBk osatu hirukoak antolatzen duelako. Gure inguruko futbolzaleak loriatuko dira hiruzpalau astez, eta batzuetan, beraien terrentarekin aspertuko gaituztela ere segur: Lamine, Mbappé eta Messi —guziak milioi zakuak alabaina...— agertuko dira zelai sintetikoetan baloi koloretsuen atzetik lasterka. Ez dute deus ikustekorik gurekin, ekonomia mailan behintzat.

Eskuin muturrak batere maite ez duen —beltz eta arabar sobera!— Frantziako ekipa segituko dut nik, duela mende laurdena alabarekin egiten nuen bezalaxe, joko-ekinak eta egoerak zehazki komentatuz Bixente Lizarazurekin batera. Baina joan da denbora eta ez dut bihotzeko kuttunik oraino atzeman futbola gozo eta lasai ikusteko!

Mexikon, haatik, ez dute irri egiteko gogorik, Guadalajaran adibidez, estadioa eraikitzeko lanen karietara narko-trafikanteen gorputegi baten aztarnak aurkitu zituztelako. Desagertuen familiek segitzen dute senideak bilatzen, pantailetako baloiak kasko-hezur gisa irudikatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE