Barbaroak etorriko dira eta Baionak bere ibai ertzak, lorediak eta belardiak barrikadatzen ditu, Leon erregea atera dute, ostatuetako barrak karriketara luzatzen dira, sarrerak hartzeko etxolak eraikitzen dituzte abiadura handian, guzia biharko prest izateko, udaletxeko balkoitik giltzak botatzeko ordurako hain zuzen. Bost egunez eta beste hainbeste gauez (jendetasunaren) mugak gaindituko dituzten milaka herritarren josta, mozkor eta indarka lekua izanen da hiria. Denek oro beso muturretan ukaraiko koloretsuak edukiko dituzte, sartzea ordaindu duten seinale.
Baionarrek ez dute urtero garestitzen doan eskuturrekorik pagatzen. Erosteko unean, gero eta paper gehiago eskatzen dizkigute, guri eta langileak dauzkaten enpresei ere bai, herriko etxeko arduradunek gugan konfiantzarik ez bailuten. Egia da, erlijio katolikoan bezala, oinarrian, bekatorosak, iruzurgileak eta baliatzaile hutsak garela Baionan bizi garenok. Horregatik, zuriz eta gorriz jantzirik gabiltzala, Berlineko Checkpoint Charly ospetsu haren pareko kontrola gune zainartetatik pasatu behar dugulako irudipenak lotzen gaitu, beldur eta ironia (erraz) artean...
Dugun goza zorion barbaro hori (neurrian)!