Duela hamar urte, ostiral arrastiri batez, hiltzaileak Parisko karriketan barreiatu ziren, eguteretan tiroka eta Bataclan kontzertu gela odol eta izu itsaso bilakaraziz. Oheratu ginenean laurogei hil zeuden, eta biharamunean lanera joatean, ehun eta hogeita hamar hilotz eta kasik laurehun zauritu zenbatzen ziren. Goiz hartan, gure bezero haurride arabarrak murruak arrasatzen zebiltzan: tragedia totala. «Haserre eta funtsean triste nago» notatu nuen ene orduko ordenagailuko apunteen orrialdean.
Gertakari traumatikoa suertatu zela ezin uka, kolektiboki bezain indibidualki, frantses izan ala ez izan. Ondoko asteetan La Marseillaise sobera entzun zela oroitzen naiz, haiek eta gu arteko leizea areagotuz. Urte zenbaiten buruan, atentatu sarraskitik salbu atera zen Salah Abdeslam jihadistaren auzia segitu genuen, bere zartagailu zinta bota eta ihes egin zueneko misterioa argituko zuela esperoan. Baina tirrit!
Marianne Faithfull zenak idatzi eta ahots lakarrez abesten zuen They come at night kantua gelditzen zaigu, ondikoz, memoriaren kitzikatzaile...