Maurizia Aldeiturriaga eta Marylin Monroeren ondotik munduko emazte ederrenetan hirugarrenak aitortu berri du «feminismoa» ez dela «bere gauza!». Brigitte Bardot ezaguna da abereen eta bortxaketengatik auzipetuak diren gizonezkoen eskubideen defentsan. Hamaika urte ez zela telebistako emankizun batean agertu eta «nik sobera maite ditut gizonezkoak» erranez ebaki du isiltasun bulta luzea, Depardieu eta Bedos aktoreen alde hitz eginez. Salatu du nesken ipurdietan eskuak uzten dituztenak baztertuak suertatzen direla injustuki, ezin bizia dutela, talentutsuak izanagatik. Metoo uhina, 2018an, hipokrita, erridikulua eta interesik gabea aurkitu zuen.
Betiko auzia. Betiko argumentuak. Talentua versus emakumeak erasotzeko dretxo integrala. Ez al dugu sekula kultura munduko munstro sakratuen figura, penalki, jende arruntenaren parean jartzea lortuko? Ala erasoak onartzen dizkiegu, gutatik haragoko ustezko zeluloidezko mitoak direlako? XIX. mende kutsuko ideologia kontserbatzaile-maskulinista-supremazista birla batean harrapatuak izatear gaudelako? BB-k, baiki, abereak babesten ditu, baina ez bere ahizpa bipedo lehenak...