Itxaro Borda

Behi bi, baby

2026ko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten ez da dermatosia korapilatsuarengatik behirik agertuko Parisko laborantza feria ospetsuan. Eta behiak falta badira, astebete irauten duen besta horren muina desagertzen da, jendeak, hiritarrak bereziki, hormonaz hazi mastodonteak mirestera etortzen direlako trenak, metroak eta autobusak hantuz. Eskualde bakoitzeko behi motak hor dira, aratxeak, behiak, bigantxak, idiak eta zezenak. Marrakari dabiltza eta ministroek maite dute abereen muturrak ferekatzen dituztela argazkitan hartuak izatea!

Odolez gose diren uluek eta mustikek transmititzen duten gaixotasun hau hedatu da Frantzia hegoalde zabalean. Eritasun biral hori ez da lanjerosa humanoarentzat, baina kutsatua den behia hiltzen da ororen buru. Abere bat makaltzen denean artalde osoa kalitzeko deliberoan oinarritu da estatuaren estrategia. Gogoan dugu erabaki horrek zuela laborarien azken mugimenduaren sua piztu. Txertatze plan bat martxan eman dute eta eskualdeen artean behirik ezin da saldu eta erosi. Suertez ez dira maskarak eramatera kondenatuak, ez behiak, ez eta behizainak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA