Itxaro Borda

Benta Zikin

2025eko ekainaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Uste dugu memoria leku eta gauza materialetan bermatzen dela. Baina batzuetan, toki hutsak, japoniar baratzeen antzeko espazioak hots, oroimenaren zurkaitz bilakatzen dira. Usurbil, Igeldo eta Donostiara jaisten den bide gurutze batean dagoen AP-8 autobidearen maldako Benta Zikin deritzon inguruak ez du baliabide material edo plaka zilar beharrik, Euskal Herriko eskualde ezberdinetatik hurbildu jendeen bihotzetan egiazko emozio baten sortzeko.

Zerua grisa zen, Usurbilen geunden, eta ibiltzeko prest... agur beroa, bidenabar, pasa den larunbateko gure taldekide bakoitzari! Benta Zikin izenak berak akuilatzen gintuen gune mitiko hartara, XIX. mendeko ostatu zoko tepuaren minera hain zuzen ere, balizko bertsolari, tratulant, kontrabando egile eta bizimodu ausarteko neska bihurrien artean urtzeko. Trikiti soinua ozen, alkohol mikatza burrustan, eta gu tartean, aztoratzear, autobideko zaraten erdian gaurkoan, Benta Zikineko ondorengoen hitzak kartsuki entzuten.

Benta Zikinetik Patrirainoko ibilbidea astiro egin genuen eta iruditu zitzaidan orduan maitasunaren eta memoria biluziaren oihala genuela irun eta josi, guziek, elez eta isiltasunez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.