BIRA

Bidart

Itxaro Borda
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Bulgariako Sofia hiritik berri hitsa datorkigu: Baigorriko Pierre Bidart antropologoa hilik aurkitu dute bere egoitzan haren frantses anbaxadako bi lankideek. Nobela beltz antzeko lehen kapituluaren moldean hasten da bizitza emankor baten bukaera jotzen duen perpaus luzea. Pierre Bidart euskalduna zen errotik, abertzale zenbaiten indar-jokoak gustuko ez zituen arren. Aurkari tematiaren fama zeukan baina idatzi -eta Izpegi ikerketa zentroan publikarazi- zituen liburuak argigarriak dira oraindik edonorentzat.

Irakasle ukan nuen nik ere Paueko unibertsitatean, punki zakarrak besterik ez ginen larogeiko hamarkada hartan. Oroitzen naiz nola aipatzen zigun bertsolaritza: praxia garatzen zuen koblakariak egindakora sekula itzulikatu gabe. Irri gutizia hazten zitzaidan orduan eta sarkasmorako jaidura handitzen zihoakidan. Arkaikoak baiginen garai haietan. Gaur egun bezala, funtsean. Horretan ez gara aldatu.

Familia daramat gogoan. Baigorriko herria. Euskaldunon lurraldeen aniztasuna. Guhauren itsutasuna askotan eta luziditatea bakarretan. Pausa bedi Pierre Bidart, ahantz bitza barne-sumintasunak eta haren anbiguitateak akuila gaitzala gu, are urrunago behialako praxia ardatz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.