Sohüta-Hoki aldeko Lurdes Iriondo pastorala ikusi dut nik ere, beropean eta ura burrustan edanez. Ederra alabaina, nahiz eta bitxi egiten zuen batailarik eta ardirik gabeko pastorala baten segitzeak. Egia da, batetik, ardi gutxi gurutzatu zukeela Lurdes Iriondok Urnietan, eta, bestetik, egileen zein errejentaren desira halakoa baldin bazen, ez dugula gure ardi nostalgia edozein obratan zintzilikatua izan dadin eskatzeko eskubiderik!
Ene pastoralzale egünaz gozatu nuen Bizkaiko lagunekin eta aitor dut goizeko meza kantatuko koroak emaniko Gure aita-k errotik hunkitu ninduela. Adiskide umoretsuak kontent ziren nire emozioaz jabetu zirenean... ur benedikatu ontzietako igelak ez diren arren, erlijioaren bide zuzenera itzultzen ari nintzelako beren gustuko, itxuraz bederen, agian ene haur denborako fededun zurrunbilo inozente haren xendretara, nork daki?
Etxera-eta ari nintzen gogoetan: batzuetan bide okerrek ere plazer gune ukaezinetara eramaten gaituzte, eta noiz behinka bataila on batek egoerak, gauzak eta antzerki hutsa den bizitza honetako taula gainak garbi uzten ditu...