Itxaro Borda

Bietan uros

2025eko ekainaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekainaren 28ko eguna hautatu zuten 1969ko Stonewall ostatuaren inguruko iskanbilak oroitzeko eta mota guzietako joera sexualak ohoratzeko ekitaldien antolatzeko. Erran dezakegu, finaren finean, hetero ala homo, denak disidente sexualak garela eta beraz Pride delakoaren ospakizunetan planeta sufritu honetan bizi garen zangobidun —ala gehiago?— guziek parte hartzen ahalko genukeela. Iragan larunbatean Miarritzen nintzen, Les Bascos elkarteak antolatu 25. Gay Pride arratsaldean, betiko lagunekin gozatzen eta manifestatzen ere. Atharratzeko Bekat’uros distiratsuaren ondotik, bigarren aldia zen karrikan nenbilela, drag queen handiosen erdian, Lady Gagaren kantarik ezagunenen erritmoan dantzari.

Jendetza koloretsuaren abaroan, Budapesteko Dora adiskideari pentsatu nuen, Orban autokratak hango ekitaldia debekatu duelako aurten. Gogoratu nintzen halaber, Severrekin batera, Hamasek homosexualak gaztigatzen zituela larriki, eta Trumpen nahikundez, erabaki dela gizonak gizon direla eta, bistan dena, emazteak etxeko aingeru (a)sumituak! Gure artean bertan lagun larregi dabil ezkutuan eta gazte sobera bere norabide intimoagatik pairatzen: haro gutxiago, harrotasun gehiago...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.