Patata frijitu ontzia husturik, falafelez osatu ogitartekoari naka-naka ari nintzaion beren lizeoko lagunez inguratu neska gazte bikote bat Akizeko pride delakoa antolatzen zen merkatu estaliaren aterpera hurbiltzen ikusi nuenean. Ageri zen lehen aldia zutela. Eskutik heltzen zioten herabeki. Hunkitu ninduten egiazki eta hauen babesteko gogoa piztu zitzaidan, etorkizun politikoak belaunaldi honentzat ere ilungune asko dituelako.
Andere bikote beltz bat jarri zitzaidan ondoan. Senegalekoak biak. Duela gutxi ikasi genuen Senegaleko parlamentuak homosexualitatea kriminalizatzen duen legedia bortitza bozkatu duela eta ez dela irri egitekorik. Hiesa zuten herritarren defentsan aritzeagatik lau hilabetez preso egon andereño mauritaniarrarekin solastatu nintzen gero. Hogeita zazpi urte ditu aurten eta bikote egiteko neska bila zebilela erran zidan.
Ibilaldia bururatzean, drag lagunak eta Induljentziaren Komentuko Serora ikusgarriak agurtu nituen, besteak beste Haizemin, Posidonia Ozeanika eta Albina trabestitu euskaldun sinestezinak gogoan: muxmux!