Itxaro Borda

Bitatik bat

2025eko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egunkari honen orrialdeetan bertan, bere bizian zehar, EAEko bi emaztetatik batek genero biolentzia pairatu eta pairatzen duela leitu dut. Emaitza hotz hori, menturaz, EH osora —eta urrunago ere, aski segur…— hedatzen ahal genukeela pentsatzen nuen bikote bat gurutzatu nuenean San Izpiritu zubiaren erdian, elkarri zernahi erranka, herio mehatxuak tartekatuz gainera. Bortizkeria domestikoa, hain zuzen, familietan larderia bermatzeko baliabide baten gisa irudikatzen da, heziketaren lehen urratsa sendietan egiten delako.

Xabier Madariagak aurkezten duen Krimenak sailean, Nagore Laffageren hilketaren memoria latza harrotzen duen atal bat bada. Erailketa horrek egoera orokor baten errealitatea agerian utzi zigun, nahiz eta gure haur begiz ikusiak genituen amak, amamak, izebak eta auzoko andereak gizonen kolpe eta erasia pean amiltzen. Begiak ireki ditugu, defendatzen ikasi dugu, baina nahi gabe donado (incel) geratzen diren mutikoen eta emakumeak rola tradizionaletan (tradwife) atxiki nahi dituzten neskatxen gorroto diskurtsoen artean, sare sozialetan —euskaraz barne— zabaltzen dabilen maskulinismo aieruak ez digu perspektiba baikor askorik eskaintzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.