Ainize Madariaga

Bixi bizi-bizi

2024ko apirilaren 3a
05:00
Entzun

Ile luze leunak argi zirrinta ahula aski du dirdira indartsua igortzeko, eta haize ufakoak mehe izatea, berehala dantzan ezartzeko kalpar zaindua. Bisaian behera joanez, atal bakoitza isipu ukaldi neurtuek landua dute. Girgileriek badute haien tokia, gogoak hala manaturik. Lepoz beherako jantziak arta eta gustu handiz hautatu ditu, doakien aro-koloreekin. Nortasuna garraiatzen dute hemezortzi urteko neskatoaren zangoek, eta nola.

Alta, asteburu-pasa joateko terrestan daraman baliza astun-erraldoiak ez darama ileetako pintzarik, xanpu-ondokorik, ezpain gorritzekorik, maskararik edota begiko arkatzik, ez; ez ditu biltzen bere baitan estetika azpimarra dezakeen parafernaliak. Ez. Maletaren kremailera ireki behar izaten du egunean batzuetan, gorputzak tai gabe sortzen dizkion mukosek ito ez dezaten, birikei baratzen zaien indar apur horri esker irits dakion gutieneko hatsa. Nehor gutik ikusten duen hats ahula, akitua, zaildua, borrokatua.

Begiek zenbatetan engainatzen gaituzten. Agorrilaren 7an ere Baionan egonen gara, Bixi bizikleta martxa hauspotzeko. Dena ez baita begi bistakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.