Korrika 24 honen haroa apaltzen doala, euskal hedabideak eskertu beharko genituzke, 24 orduz eta hamar egunez, euskararen aldeko lasterraldi masifikatuaren irudiak eskura jarri dizkigutelako. Iragan astearte gauean, Baionan, Maubec gainean aiduru geundenen arteko askok mugikorrak zituzten ahurretan, ezer ez galtzeko, harrituak ohartzean nola urtzen ginen, hain erraz, euskaraz gainera, batzuetan gaitzesten dugun mundu likido eta numeriko horretan. Jesusaren eta Erramunen herrian, preseski, adiktiboak egin zaizkigu pantailak!
Euskal Herriko bazterren promozioa egin da goizetik arrats, Mariena ez dela Etxe-leku ikasi dugu Kanbon eta lurraldean zeharreko borroka politiko gehienen jakinean eman gaitu bitrina edo eskaparate gisa funtzionatu duen Korrikak. Entzun dut norbait erraten droneak erabiliz gero ikuslego gatibuaren sentsazio geografikoak biderkatuko lituzketela, zergatik ez. Bandera ugarien artean, haatik, Ondarroan salbu, gay jendeon ortzadar kolorekoa eskas zela nabaritu dut… baina nik ere, daitort, ez dut nirea atera.
Betor Korrika 25! Ez dugu besterik espero!