Ez dakit zerk eramaten nauen hondar egun hauetan Maurice Ravelen musika entzutera. Bere sortzearen ehun eta berrogeita hamargarren urteburua ospatzen dugulako agian? Denbora apur bat dudanean eta Maialen Akizu zutabe-kideak duela gutxi egin galderaz gogoetatu bitartean, Boleroa dantzut, erritmo errepikakor horrek musika serialaren iturrietara bulkatzen nauela. Nota bakoitzaren artean, Pierre Boulezek, Eliane Radiguek edota Helen Fullman garaikideek xokoño bat aurkitu zuten beren piezak eraikitzeko.
Maite dut, halaber, ziburutar kuttunak sortu zuen Esku Ezkerrarentzako Kontzertua. XX. mende hasierako historia, lehen mundu gerla tragikoa eta handik elbarri itzuli ziren soldaduen doloreak kontatzen dizkit. Paul Wittgenstein pianistak ezkerreko besoa galdu zuen, baina musika jotzeko kemena ez, bost behatzekin hamarrekikoa ozenaraztea lortzen zuela… Erresilientzia esperientzia bat da kontzertu horren aditzea eta ez bakarrik interpreteen trebezia ikusgarriengatik.
Bai, Maialen, uda ala negu, astegun ala asteburu, serial-idazle honen praxia erreflexiboaz haratago, zutabe bakoitza berdin eta ezberdin didazt, aditz trinkoak bolero salbai batean kateatuz.