Hamahiru urtez lanean egon ondoren, atzo estreinatu da, jupa handitan, Baionako Bonnat izeneko arte-museo berritua. Handitu eta ber moldatu dute, hogeita zortzi milioi euroko dirutza sartuz horko horma eta oinarrietan. Obra faraonikoa garatzen ikusi dugu hamarkada luze hauetan zehar. Museoen auzoa marrazteko parada ez dute galdu: euskal erakustokia hurbil dago, uneon Linguae Vasconum Primitiae hunkigarria ikusgai duela.
Ez dugu Pradora ernatzearen beharrik ukanen hemendik goiti, Rubensen, Grekoaren, Goyaren, Ingresen edo Bonnaten obrak miresteko, etxetik biziki hurbil edukiko ditugulako. Da Vinciren, Michelangeloren, Duerer edo Rembrandten marrazkiak halaber. Estimatu ezinezko margoak. Ez dakit hargatik, seinale ona den gure Bonnat-Helleu museo hau Louvrekoarekin uztarturik dabilela jakitea!
Hauxe bai jakin beharra daukagula: hilabete oso batez, bertako bildumak, argi putzu sakonek iluminatu gela eta ibilbideak urririk gozatzeko aukera dukegu baionarrok. Aski da txartela hartzea, herriko etxeko Cassin gunean, nortasun eta egoitza agiriak erakutsiz... bistan dena!