Datorren asteazkenean, urtarrilaren 31n, ikuskizun ia errepikaezina eskainiko ei du ilargiak, 150 urtean behin baino kointziditzen ez duten hiru fenomeno gertatuko baitira aldi berean: «ilargi urdina» izango da, hileko bigarren ilbetea; «superilargia» izango da, lurraren orbitara ohi baino gehixeago hurreratuko da eta distiratsuago hautemango dugu; eta «odol ilargia» izango da, ilargi-eklipsea gertatuko da eta lurraren gerizpetik pasatzen denean, kolore gorrizka hartuko du. Europako mendebaldean ez da azken horren eraginik nabarituko, halere.
«Bost axola niri!» esango du, dugu, askok; hainbesteko ikusmina sorrarazten duten gertakariak, urtebetetze egunak edo pertseida zaparradak, ez direla txepelkeriak besterik. Nik, zenbat eta lehenago jakin zetorrenaren berri, orduan eta handiago, distiratsuago, odoltsuago irudikatzen nituen ilargiak eta behin teilatu gainera iritsitakoan, ikusgarrienak izanik ere, txikiak iruditzen zitzaizkidan. Orain topikoetara jotzen dut, dugu: gauza handirik espero ez duenari zernahi zaiola asegarriagoa, inork (ez data batek, ez pertsona batek, ez astro batek...) ez digula ezer zor eta abar. Esan bai. Baina gero hantxe egoten gara geure urtebetetze egunetan, gauerdiko 00:00etan, mugikorrari adi-adi. Eta datorren astean, disimulu-disimuluan, pertsianapetik sudurra atera eta ilargiari begiratuko diogu, noski.
BIRA
Bost axola!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu