Alpha Blondyren ahaidea dugu buruan Baionako Xaho kaiako Sankara ostatuaren aitzinetik —ardura— pasatzean. Haute-Volta herriari jatorrizko izena itzuli zion eta tribuen boterea ezeztatu zuen, Blaise Compaore lagun-minarekin. Segur naiz jada greziarrek eta portugaldarrek ulertuko dute Tomas Sankara kapitainak afrikako zorraz eskaini zuen Addis Abebako mintzaldi distiratsua. 1987ko urriaren 15ean Compaore ustezko adiskidearen eskutik etorri zitzaion herioa, Bolikostako buruzagien eta françafrique egituraren laguntzarekin. Erahilketa aztertzen darraitenek Libiaren ahurra dakusate halaber.
Eta gaur Bolikostako xake jokoko elementuak odolean mugitu direlarik Frantses soldadoen ekintza erdi-aitortuari esker, higitzen doaz berriz ere Ouagadougouko karrikak. Blaise Compaore presidentaren indarra zalantzan jartzen dute funtsean Sankararen dolua sekula ekarri ahal ez zuten burkinabe saldoek. Denda-jabeak eta gazteak asaldatzen dira, armadak Koudougouko Justin Zongo nerabea tiroz kalitu ondoan iragan martxoan. Compaorek orain arte militarren piztia baizik ez du ase. Batzuen iritziz ez da Burkina-Fasoko minbizia gantzagailu soilarekin artatzen.
Sankararen itzala Lumumbarena bezala.
Bira
Burkinabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu