Itxaro Borda

Buxkando

2026ko otsailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez diot Blanca Urgell zutabe-kideari xendra erreko, baina ederki dabil euskararen perla bitxi eta loriosak, historikoak zein lexikalak, seinalatzen dizkigunean. Atzo arratsaldean, halatan, ene haur denborako hitz baten zernaitzetik erori nintzen buxkando elea nondik zetorkidan galdezka. Niretzat putzu sakona den Lhanderen hiztegian athümüstan galdu nintzen, zorterik gabe hasieran, nahiz eta buru oinetik abiatuz nirea atzeman nuen azkenean, batzuek urrea aurkitzen dutenean bezain zoriontsu!

Etxean buxkando berba baliatzen genuen, negu minean ñiñiak troxatzeko erabiltzen zen artilezko oihal lodi eta beroa izendatzeko. Xatarrak bikoitz eta mantarrak gurutzean eman ondoan, umearen zango meharrak dantzari, buxkandoa borobilean biltzen genion animaleko iskilinba batez bizkar aldean lotu aitzin. Supazter zokoan gero, loak eramaten zuen matela gorriekiko haurra, kanpoan bazterrak zuri izanagatik. Garai haietan, egia erran, elurra egiten zuen noiz behinka.

Hunkigarria da hitz zahar eta abandonatu batek memoriaren lur hotza golde nabarrez udalatzeko nolako boterea duen ohartzea…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA