Itxaro Borda

Celine Dion

2025eko ekainaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herri honetan Quebec-eko abeslari honen zale batzuk bagara. Bere biziko urratsak oro mediatizatuak izan dira betidanik: hamalau haurreko familia bateko azkena da, bera baino hogeita hamar urte zaharragoa zen René Angélilekin ezkondu zitzaigun —mon R’né deitzen zion, eztiki—, intseminazioz ukan zituen bere hiru semeak eta oroz gainetik milioika saldu bere diskoak, ingelesez eta frantsesez. Gay jendearen ikono egin da denborarekin, Dalida, Madonna edo Lady Gaga bezala. Baionako bestetan, Txalaparta elkartean, I’m Alive kementsuak sua pizten du bazterretan... Hondar urteotan kantatzeari utzi dio, lepo malgorraren eritasunarengatik gaitzeko krisiak pairatzen dituelako Prime plataforman ikus dezakegun dokumentalaren arabera. Diva baten erorketaren lekuko hutsak gara.

Inork gonbidatu ez eta 1997ko urte berriko gaua, alabak eta biok pasatu genuen Oihanarteko sukaldean Celine Dionen Pariseko kontzertuko irudiez gozatzen. Hor hazi zitzaidan niri ere artista horrekiko errespetua eta atera berri zen Titanic filmaren kantaren hitzak, gaurkotasun handikoak, buruan iltzatu zitzaizkidan betiko: I know you go on and on...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.