Itxaro Borda

Delpastre

2026ko apirilaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Angelun oraino bizi da gaskoien kultura, edo behintzat, memoria horren berreskuratzen ari dira emekiño. Aste hauetan, uztailaren 9a arte naski, Tivoli kultur etxean Marcela Delpastre (1925-1998) laborari-poeta erraldoiari buruzko erakusketa eder bat bada, interesa duen orori irekia eta huts egin ezina bistan dena. Corrèze departamenduko Germont herrian sortu zen eta aitamen baserriaren segida hartu zuen, behiekin lanean gogor ari zen bitartean olerkiak eta antzerkiak idatziz, bai eta etnografo zereginak konplituz. Pentsatzen ahal da nekazari-poeta binomioaren oinarrian naiftasun zerbait kausi daitekeela, baina Marcelaren kasuan ez da deus horrelakorik, poesia oso bestelakotzailea egiten zuelako!

Jan dau Melhau artistak (1948) argitara eman ditu Marcela Delpastreren esku-izkribuak. Bernard Mancieten garaikidea genuen idazle okzitaniarra auto-itzulpen zale amorratua zen. Bere obrarik ezagunena agian, 1974ko Saumes pagans (Salmo paganoak) dugu, eta Tivolin, hunkigarria da Marcelaren idazketa xehea ikustea haren eskuko begia bagina bezala: ieu serai la votz d’aqueu pais de morts…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA