Pasatzen den denborak markatzen gaitu. Etengabeko higamenaren zantzuak uzten ditu gure gorputzetan, gure urratsetan, bai eta gure pentsamenduaren meandroetan ere. Ura bezala isurtzen da eta ez dugu deus egiten ahal horren geldiarazteko: guzia kontrolatzeko jaidura gizakoia mugatzen du Su Ta Gar taldeak hain hunkigarriki kantatzen duen denbora horrek... Beso muturrean dugun ordulariak mikro-segundoak eta minutuak oro zenbatzen eta materializatzen dizkigu, organikoak balira bezala.
Denboraren ziztua, eta aldi berean abiadura urria, biziki ongi nabaritzen da Isturitze eta Otsozelaiko harpeen ustekabeko zoko bakoitzaren ilunpe argitsuan. Denboraren sakontasunaren zurrunbiloetan galtzeko arriskuan aurkitzen gara bat-batean, azala hotzez dardarez eta mamia zalantzaz leher egiteko zorian. Sapiens delakoak, hor, ez zuen hautu askorik, ezinbesteko elkarlana auzoekin eta naturarekin, ala herioa... betirako desagertzeko mehatxuarekin!
Gure bihotzaren joaldietan kolpeka sentitzen dugunean, badirudi humanitatearen oinarrietara deitzen gaituela denbora mineralak, bakartasunera, elkartasunera, gurbiltasunera... hitz handiak, baina hitz errealak.