BIRA

DETZ.TV

Itxaro Borda
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Okzitania zabalean ere bazterrak ederki higitzen ari dira. Asteon Sergi Javaloyesek Bearnoa zeharkatzen duen gave delakoaz poetizatu epopeia hidrografikoa eskaini dute Paueko unibertsitatean musikaz lagundurik, Jean François Tisner gidari: Gavarniatik Aturrik ibaia horropats egiten duenerainoko bidaia Sorrom Borrom titulupean.

Ikusgarri hori beharbada ondoko egunetan zatika ikusten ahalko dugu udan plazaratu den DETZ.TV kate zibernetikoaren uhinetan. Zinez interesgarria da Rodezko festibaleko irudien gatibatzea eta Gora izeneko antzezle alegia transgenero sarkastikoaren sketx laburrekin irriz lehertzea: Rocky Balboak Okzitania maite duela oihukatzen du, La Mal Cofadako neskak taulagainean gozatzen dabiltza, Los Pagalhosekoek Lluis Llachen L'estaca abesten dute eta Claudi Marti kantari historikoak Eugene Pottieren Le temps des cerises ukigarria Lengua d'Oc hurbil hartan xuxurlatzen du kasik.

Kanalduderen antzera funtzionatuko duke jarraitzen badu bederen. Aldian aldiko erreportaiak, berriak eta agendak emango dizkigute Okzitania kolpatuarekiko haririk gal ez dezagun. Gure lehen auzoak baitira. DETZ kolektibo polifazetikoak urratsa baimentzen digu jagoitik.

Adisatz mundo...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.