Pasa den larunbatean, Iruñeko Runa parkeko Autentika laborantza ferian nintzen hainbat artista ezagunekin, Oskia Ugarteren gomendio pean, baserritar munduari kulturak zer ekar diezaiokeen gaia jorratzeko. Bi zinegile, artzain-idazle bat eta transfugo sozial moduan funtzionatzen duen aspaldiko izkiriatzaile hau orbaindu gabeko zauri gisa zabaltzen den euskal munduen arteko funtsezko dikotomiaz aritu ginen.
Kulturaz zipriztindua egon da betidanik nekazarien ingurunea, hainbeste bertso eta eresia lurraren hurbiletik datozkigula kontuan edukiz. XIX. mendetik hona, hargatik, eliteek kultura beren alde pribatizatzearekin, laborariak petxero eta kanoi haragi eran kontsideratzen hasi dira hiritarrak, eta hor ireki da, gaur egun, ixteko hain zaila den urrakoa.
Hirietan eta kanpainetan herritarrek pobretze-destino komuna pairatzen dute dagoeneko, eta beharbada, abereen ongizatea bilatzearekin batera, dikotomia zaharraren mina sendatzeko erresilientziarako bide kolektiboetatik bat lantzeko aukera daukagu hemen. Zinemak eta literaturak, orokorrean, xenda hori hartua dute jadanik.