Thailandian, 27 metroko eta 30 tonako dinosauro baten hezurrak atera dira lurraren sabeletik. Lepo luzearekiko belar-jale hau duela ehun eta hogei milioi urte bizi zen. Inoiz aurkitu den abererik handiena da Nagatitan edo suge titaniko gisa identifikatu duten mamutzarra. Bangkokeko Thainosaur museoak handitasun naturaleko modelo bat eman du ikusgai azken hilabeteotan.
Euskal kulturako dinosauroak deus ez dira Nagatitan honen aldian, baina ausiki dezakete garrazki, bereziki beren marmar artean, neskatxa gazteak lubrikoki galdekatzen dituztenean eta gurutzatzen dituzten emakume xaharragoei beti piko mikatzak botatzen dabiltzanean. Diplodokus familiako gizakiek alabaina ez dakite isilik egoten, errespetuz jokatzen, betidanik botere sinbolikoa ukan dute eta ez dituzte orain sentsazio sakralizatu horren abaroak utziko.
Zientzia aitzina doa meteorito batek lurra hunki zuenean desagertu ziren abere horien bizipenak ikertzeko bidean. Baina, gure kasuan, nahiz eta patriarkatuaren oinarriak ikara nabaritzen diren, euskarak berak babesten ditu bere dinosauro kuttunak!