Biziki gustatu zitzaidan Maialen Akizuren iragan igandeko zutabea eta ez bakarrik nik hain maite dudan Garrotxako Besalu herria aipatzen zuelako. Ornitologo talde batek azterturiko usoen adibidea ekarri zuen, kableak eta txip merkeak irensten dituztela azpimarratuz, nola ez ditugun guk ez ikusten eta ez entzuten, nahiz eta guri so dauden, minez eta mutu, arranguratuak...
Esterri d’Aneu herrian gelditu nintzen Euskal Herrirako bidean eta hango lagunek Arnica natura aldizkariaren aurkezpen ekitaldira gonbidatu ninduten. Saio berean Marius Domingo de Pedro biologoaren liburua ere presentatu zuten, ornitologia alorrean lehen urratsak egiteko gomendioekin. Esplikatzen zuenaren arabera, erraza da txorien munduaz maitemintzea, jakin-mina sutzen eta hauen gerizatzeko nahikundea gure baitan loratzen uztea.
Mariusen aholkuen segidan, Esterriko arrats berezi hartaz geroztik, mugikorrean Merlin Bird ID aplikazioa daramat eta pizten dut ibiltzen naizenean inguruan ditudan txorien kantak identifikatzen laguntzeko. Txorien izenak euskaraz ematen dizkit gainera: zer gehiago dut behar?