Frantziako leku publikoen frontoietan Errepublikaren lelo ezaguna den Liberté, Egalité, Fraternité hitz multzoa dago. Gure aitak lelo horri «etxe gibeleko bortatik sar zite!» gehitzen zion, auzoekin partekatu karkara sozial ozen batez! Badirudi hondar hamarkada hauetan, hitz horien erran-nahia eta frantses estatuaren oinarrizko filosofia are gehiago zalantzan dabiltzala: berdintasunaren ideia usteltzen uzten baldin bada, askatasunak eta anaitasunak —eta ahizpatasunak?— etorkizun gutxi...
Finantza Ministerioko txosten batek zoharki agertzen du hogei urteren tartean estatuko 40.000 familia aberatsenen urteko emaitzak bikoiztu direla, ultra-aberatsen kasta bat osatzen ari dela, hots. Zenbakion arabera, arte horretan, behe-mailako herritarren diru-sarrerek soilik %0,5eko emendaketa ezagutu dute. Ezberdintasun ekonomikoaren leizea munduko beste herrialde garatuetan zabaltzen ari da halaber: gizon zuriak dira, ipar hemisferioan bizi direnak, zerga ahalik gutxien ordaintzen dutenak, eta egoera horrek politikoki iraun dezan nahi dute, demokraziaren kaltetan baldin bada ere.