Ez ote da buru haustea bilakatua Eguberri? Opariak behar dira eskuratu, paketeak egin, janari berezia manatu afarirako, biharamunean burua pisu eta mihia pastatsu iratzartzeko kontsumoaren koito interromptus antzekoak utziko duen trenpu txar larri batekin. Anartean, karrikak beltz-beltzak dira eta azken orduko erosketak egiten dabiltza herritarrak, halako olde zaintsu eta kasik haserretu batean. Atsegina nahi dugu bete-betean, sukrea, gurina, distira, duela bi mila urte Betleemen sortu haurtxoaz ez garela oroitzen ere! Gure eskualdeak sekularizatu dira eta Mari Domingi jarri dugu ospakizunaren etxeko andere handi...
Nahiz eta tregoa edo menia berezirik ez dagoen gehiago abenduko azken egunetarako, jendeak maite du biltzea, elkar berotzea, urtean zehar erakustera ausartzen ez den maitasuna errateko, frogatzeko, egiaztatzeko, tinka eta musu artean. Har dezagula beraz ematen digutena eta emateko prest egon gaitezela ezer itzuli beharrik gabe, harremanaren zoramen soilean ihalozka.
Eguberri on irakurle, eta gozatu...