Ainize Madariaga

Elkartasun zinta

2024ko ekainaren 12a
05:00
Entzun

Esaera zaharretan eulia funts gutikoa islatzen da; erabat mespretxagarria den animalia zait, egunerokoa baldintza diezagukeena. Alta, bera baino fundamentu gehiagokorik, guti dago. Behin eta berriz toki bererat itzultzen baita, uxaturik ere; neholako gupidarik gabe sabaitik zintzilikatzen diren zinta lotkorretan azken kantu agoniko bukaezina ematen ari den bitartean: motozikletaren asots histerikoaren idurikoa.

Intxaurrondo peko itzaletan, bi zaldi enborretik hurran egon dira: euli-eraso masiboari aitzi eginez, bataren buztanak bertzearen sudur-zuloak euliz libratuz. Intxaurrondo pea aski soila izaten da, lika pozoitsu berezi bat jariatzen baitu; euli gutixeago beraz.

Brasilen jendez lepo joaten dira autobusak, eta jarrita denak pisuz libratzen du xutik dagoena, altzoan hartuz daramatzan puskak.

Lasako karrikan, emazte batek murru ttipiaz bestaldera dagoen atsoñoa agurtu du, zeinak gerria arrunt makurtua baitu, baratzea ahal bezala lantzeko. Salto egin du, eta egun osoko zuen lana laurden batez egin dio. Elkartasun eder horiei lotuko natzaie, euliak zintari nola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.