Trump presidenteak etsai berri bat atzeman du Nicolas Maduroren baitan. Ez bat, ez bi, eraso eta bahitu du, narkotrafikatzailea dela mailukatuz. Venezuela gobernatuko dute AEBek, eta enpresa amerikarrak itzuliko dira petrolio putzuak esplotatzera. Kolonbia, Kuba eta Groenlandia ere mehatxatu ditu, nazioarteko legeak aise zapaltzen dituen eta Mar-a-Lagotik mundua gaztigatzen duen gizonak. Gauza bera pentsatzen duke Putinek globoaren ekialdeko partean, tratuak izenpetuko direnean Ukrainaren parte bat bereganatuko duela jakinki. Europarrak, tartean, neurriak zaintzea eskatzen dabiltza, beren ahultasuna eta ontasun mineral-eza agerian utziz...
Modu askotako eraso hauek, ororen buru, oinarri zaurgarriak dituen demokraziaren izaera bera zalantzan jartzea dute helburu, teknologiek elikatu populismoari esker egitura harrapakariak hedatzen ari direla denetan. Batzuen irudira, Bigarren Mundu Gerlaren segidan sortu oreka politiko ekonomikoak sakrifikatzen dituzte gehienez hogei urte iraun dezaketen ustiatze eta arpilatze sistemak bermatzeko!