Irakurleak badaki, Baionan, bizitza osoa San izpiritu zubiaren puntu geodesikoan biribilkatzen dela. Eskaleak ere erdi-erdian zutuntzen dira, plastikozko basoak airean, txanpon biren esperoan. Hondar egunetan, neska mutur eta isil bat gurutzatzen da, baina ageri da barnez sutan dabilela. Herenegun berrogeita hamar zentimo utzi nizkion godaletean, profitatuz nire kuriositatea asetzeko.
Ahoa ireki zuen eta ikasi nuen hogeita bat urte zituela, errotik euskalduna zela, ez haatik euskaraduna, ez zuela etxerik, atzerritik etorritakoek alokairu sozialetatik eta lan arruntetatik bertakoak kanpo uzten zituztela, onartezina zitzaiola… bat-batean harekin solasean gelditu izanaz damutu nintzen. Ez nuen uste horrelako diskurtso estremoak jasan beharko nituenik.
Munduko aberatsenak erraz ari dira, pobreenak, gabetuenak, pikarraituenak elkarri gaizki erranka dabiltzan bitartean. Gogoeta enpatikoa horretan abandonatzea erabaki nuen eta neska moskoteari galde zitala luzatu nion: zergatik ez duzu, adinaren florian izanki, lan soil bat hartzen, eske ibiltzeko partez?