Laurogeiko hamarkadaren bezperan, Alain Souchon abeslariak abisatzen gintuen: «Ikusiko duzu, goiz batez, akiduraz, bide hegian jarriko garela, ikusiko duzu ez naizela bakarra izanen…». Badirudi ipar hemisferio aberats hau geldotasun fisiko eta politikoaren puntu honetara iritsia dela. Diabetesa, obesitatea edota ingurune-minbizia bezalako hitzak sartu dira gure hiztegietan. BERRIAn irakurri dut osasuna zaintzeko, egunean gutxienez zazpi mila urrats konplitu beharko genituzkeela. Gehienok denbora librea daukagu, baina gure bizi-modu konektatuek erabat husten gaituzte, antzinako lantegi-kartzela «tailorisatuek» bezainbeste.
Estatistiken arabera geldotasun epidemia horrek behe-mailako biztanleak ditu nagusiki jotzen, diplomarik ez dutenak eta etxetik atera gabe erosi daitezkeen janari-zabor «egina-prestak» irensten dabiltzanak, betiere merkeago direlako aitzakian. Orduak pasatzen ditugu pantailetan scrolatzen eta goi-mailakoa ez den kirola mota oro gutxiesten. 2. 0 garaiko sedentarioek hainbat eritasun garatzen dituzte, farmazia industriaren faboretan, duten kostu sozial eta demokratiko erraldoiaz axolatu gabe.
Eta osagarria, altxor kolektiboa balitz zer?