Gerlak ez dira gozoak bonben azpian harrapatuak direnentzat. Are gutxiago naturarentzat eta ingurunearentzat. Iranen, Libanon, Palestinan zinezko desastre ekologikoak ari dira gertatzen zutabe hau idazten ari naizen unean berean! Datozen hamarkadetan nabarituko diren ondorioek bizidunen, baliabideen eta ekosistemen balizko orekak baldintzatuko dituzte.
Etxe erorien hormen azpian usteltzen doazen gorpuen kiratsa, zartagailuen eta misilen urrin azidoarekin nahasten dela kontatzen dute bizirik dirauten lekukoek. Minbiziak eragingo dituzten molekula letalak dabiltza airean, airetik urera eta lurrera pasatzen dira gero, elikadura-kate osoa kutsatzeko ororen buru. Teherango biztanleek, Israelgo edo Trumpen hegazkinek bonbardatu petrolio putzu eta biltegien keaz beltzatu euriak jasaten dituzte.
Planeta mailako klimatoaren beroketa orokorra biderkatzen dute gerlek. Hondar bi asteetan adibidez, bost milioi gas karboniko tona urtu dira denek partekatzen dugun atmosferan barna. Urteak beharko dira konflikto hauen orbainak sendatzeko eta etorkizun garbiagoak sendotzeko!