Alemanian zalantzak dituzte Europako Batasunaren etorkizunari buruz. Frantzian, Italian, Txekian eta Hungarian... Bigarren Mundu Gerlaren ondoko urteetan hazi ideia baten gainbehera betean gaude. Errusia, Ipar Amerikak eta Txina, herri multzo oparo honen zaurgarritasuna azpimarratzen dabiltza, komunitate ekonomikoaren haustea helburu. Geronek ere gure min guzien sorburuan daukagu Europa...
Europak ez dituzke herritarren esperantzak oro konplitu, gehienbat austeritatea kudeatzen duten teknokraten atzamarretan egon delako. Jende arrunten egunerokoan eragiten du hargatik: aski da Erasmus programa aipatzea, eskualdeetako garapenaren finantzaketa edota laborantzako subentzioen banaketa. Besteak beste. Paradoxalki, dirua eskuratzen dutenak ditu aurkari nagusi. Eta 2016an Brexita bozkatu zuen ingeles asko damu da Europari bizkarra emanik, Starmer lehen ministroak berrikitan herabeki aitortu duenez.
Beldurra eragiten dit pentsatzeak berak, herrialde mutxitu bakoitzaren muga bekaitzetara kondenatuak eta konfinatuak izanen direla gure atzetik datozen europar belaunaldiak...