Itxaro Borda

Ez adiorik, Marko

2026ko otsailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marko adiskideak utzi gaitu iragan astelehenean, aski sufriturik egia erran. Doluminak helarazten dizkiot, hemendik beretik, Mauleko haren familia osoari, Muskilditik Santa Grazira eta Garazitik Bidarraira. Hegazkingintzako langilea zen, CGTko sindikalista, Eperra ikastolako gurasoa, Seaskako hainbat lantaldetako kide tematsua… ez zuen sekula bilkura gautarrik huts egiten eta beti argiki mintzo zen! Bere energiak sustatzen, bulkatzen eta akuilatzen gintuen egoerarik gogorrenetan ere, irri partida on zenbait gorabehera.

Ez naiz ausartu zutabea ekialdeko euskalkiz idaztera, alta Markok zuberotarrik aztoragarrienean harilkatu omenaldi bat mereziko luke, nahiz eta bera ez euskaraduna izan. Ikastolaren zurrunbiloan Marko bezalako etxeko eta ekile asko bada, beren haurrentzat etorkizun euskaraduna hobesten ibili eta ibiltzen direnak, historia linguistiko kolektibo partikularrarengatik, beraiek euskararen ertzetik pasatu ziren arren. Eskerrik hanitx, Marko, lagün zahar honen partetik.

Eta adiorik ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA