Berri faltsuen eta hiperbolikoen garai honetan ezin direnak arras ahalezko gisa aurkezten dizkigute sare sozialetan dabiltzan adierazpen eta komentarioek. Sarkozy familian bata ez dago bestearen salbatzeko: aitak preso pasatu dituen hiru asteak Dostoievskik gulagean iragan hamar urteak bezain melodramatikoki kontatzen ditu, eta semeak, auto gidarien lobbya bereganatzeko, arau eta gida baimen guziak ezabatzera deitzen ditu botere publikoak, bideak, karrikak eta autobideak Mad Max oldeen libertate desbridatuaren eremu bilakarazteko moduan.
Ezinezko diskurtso horiek errepikatuak izatearen erruz egiak balira bezala hartzen ditugu, aberatsenek irudikatzen duten jungla sozial horren desioa gure nahikunde gordeenetako elementu bat bailitzan. Titulurik eta esperientzia izpirik ez duen mutikoaren proposamena, adibidez, baieztatzen du miliardunen prentsa egiturak, aitaren seme soila delako. Beldur naiz ez ote zaizkigun anomalia politikoak lege bihurtzen ari, Milei, Musk, Trump, Meloni edo Sarkozytarren ateraldien ildotik.