Itxaro Borda

Eztia idokitzen

2026ko uztailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtean bi hitzordu ematen dizkigute erleek. Lehena maiatz hondarrean, akazia eztia idokitzeko eta uztail bukaeran bigarrena, liliz osatu urrezko joria abarasketatik ilkitzeko prest denean. Urte osoko gozamena eskaintzen digute gero laborantza industrialaren nagusitasun totalitarioarengatik lanjerrean dabiltzan intsektu langile eredugarri horiek. Hunkigarria ere bada.

Arrats apaletan biltzen gara, Oihanarteko barrukian, haurride eta familiakide zenbait guretzat sakratua den eztia elkarrekin idokitzeko. Loriatzen gara eta ez dugu nehoiz une horretan bezainbat sukre likido irensten. Urrea dela errepikatzen dugu, sendatzeko, janariei gostua emateko eta gormandiza asetzeko erabiltzen dugulako eztia.

Erleek ere sufritzen dute berote hauekin. Jendeen eta erleen destinoak batera joan dira beti eta betidanik. Egia da eztia ateratzen ari garenean sortzen dela halako elkartasun inkondizional sentsazio bat gizakion elikadura segurtatzeko tematsuki polinizatzen ikusten diren burrunbari diskretu horiekiko. Eta hainbat gaizto harreman horren kontzientzia galtzen balitz!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA