Urtean bietan Oihanartean biltzen gara, esne-bidea abisala den arrastiri apalean, maiatz hondarrean edo ekaina hasieran, eztia abarasketatik ateratzeko. Erleak burrunbaz entzuten ditugu inguruan urre koloreko sukre hutsa den jarioak erakarririk, etxeko zakurraren zaunkak barrukira hurbiltzen den edonor seinalatzen eta iluntze argitsuan beleen kroak ardien marrakekin batera ozen. Orduak ematen ditugu solasean eta lanean.
Naturaren egiazko oparia da eztia: eztulak zintzurra larrutzen didanean koilaretara bat hartzen dut gozagarri edo gosaltzean, Larresoroko Axola Gabe okinen ogi xerrak eztiz estaltzen ditut. Batzuek erran lezakete energia txut bat dela, berehala on egiten dizula, sosegatzen eta soleitzen zaituela. Arrazoiekin. Hala baita.
Aurten, erritual familiarra huts egin dut, ez baitut ubikuitate dohainik. Zorigaitzez. Bizkitartean, Lhanden hiztegiaren orrialdeetan barna nabil, eleen urre kolore horren soinuaren bila. Erle-belar tisana hurrupatzen dut eta haur denborako kofoinak irudikatzean, abaraskak inarrosiz ateratzen genuen ezti haren nostalgia daukat.