Askotan kezkatzen gara mugaren bi aldeetako euskaldunok ez omen dugulako elkar ezagutzen, neurri batean ohitura eta lexiko ezberdinak ditugulako. Negar anpulutan itotzen gabiltza eta uste dugu balizko independentzia batek guzia berdintzea lortuko lukeela, Atharratzen Ondarroan bezala bizitzea helburu kolektibo orokorra bailitzan.
Iragan egun batez, diferentzia horiek zorionekuk egiten gintuztela berresten genuen, ondarroar batzuen konpainia onean nengoela Baionako Casenave txokolategian. Adiskideak famau elearen erranahi sakona agertzen zuen ogi zigortua edari haguntsuan busti bitartean, haren lagunak adibideak zerrendatzen zituen eta ni, idazle gisa, hau dena memorizatzen saiatzen nintzen, partekatzen genuen unea bakuna eta berezia iruditzen zitzaidalako.
Batzuetan baikorrak gara. Gutxiegitan hala ere. Hitz bakoitzak, hainbat urtez gure lerroak larrutu dituzten gorroto eta mendeku oldeen gainetik, bere nortasun propioa duela sinesten hasi gara, elkarbizitzaren plazer duin iragarri baten atarian. Bego-rik gabeko lurralde famau bateko herritarrak gara.